Euskara eta nola Nafarroa Euskal Herriaren (oinarrizko) zati den. Frogapen zientifiko laburra.

      Nafarroa Euskal Herriaren zati dela (gainera, oinarrizko eta funtsezko zati, genetiko eta sortzaile, nagusi), Euskal Herriko herrialdeetako bat, lurralde historikoetako bat dela esatea, ez da ustea, ez eta programa politiko bat eta desirkundea ere: argi dago hori horrela dela, Lurra borobila den bezalaxe (espaziotik ikusia daukagu), nahiz eta Lurra laua dela uste izan duen, eta, oraindik ere, uste duen pertsonarik baden. Eta, Nafarroa Euskal Herriko herrialdeetako bat, lurralde historikoetako bat dela ebidentzia izateaz gain, zientifikoki frogatutako proposizioa da.

      Euskal Herria "euskaraz hitz egiten duen herria" da. "Ziur gaude egun... euskara oraindik ere bizirik dirauen lurraldeko jatorrizko hizkuntza dela; halaber, erromatarrek, jada, bertan euskararekin topo egin zutela baieztatu dezakegu (hori frogatua dago, izan ere, euskal kutsu nabarmena duten pertsona-izen eta jainko-izenak agertu dira Pirinioetako inskripzioetan Aran ibarreraino...ziur egon gaitezke euskararen egungo lurraldea halaxe zela indoeuropar-saldoak iritsi zirenean, k.a. 1000. urtean, beharbada" (Antonio Tovar: Mitología e ideología sobre la lengua vasca, Alianza Editorial, Madril, 1980, 194-195 orr.)

      Frankoren diktadura garaian ere elkarrizketa-liburu bat argitaratu zen (Martín de Ugalde: Hablando con los vascos, Arie Argitaletxea, Esplugues de Llobregat, Bartzelona, 1974); bertan, autoreak Koldo Mitxelena irakasleari honako hau galdetzen dio (107 orr.): "gure hizkuntza, euskara, nondik dator?", eta, Mitxelenaren erantzuna: "Nire ustez, barnean hartu dezakegun eta, gutxi gora-behera, ezagutu dezakegun aldi nahikoa (baina ez gehiegi) zabalean, k.a. 6000. urtean, adibidez (gehiago ez, asko arriskatzea bailitzateke honelako hipotesi bat erabiltzea), euskara ez da inondik etorri; hau da, euskara hedatuago egongo zen familia batetik geratutako uhartetxo antzekoa da. Ezingo nuke zehaztu Hegoalderantz, Iparralderantz edota bi aldeetara egongo zenik hedatua; egia esan, badira euskararen aztarnak Frantziako Akitania zaharraren hegoaldean (hortxe aurkitu dira inskripziorik zaharrenak), bai eta ekialdean ere toponimia- aztarna nabarmenak, Katalunia barru-barruraino"

      Polibio ("Fragmentos históricos", k.a. II. Mendea), Estrabon (k.a. 66-24, "Geografia III") eta Ptolomeo ("Geografia II", k.o. II. Mendearen erdialdea) grekoek emandako informazioari esker, garai hartako euskal-leinuak zein ziren jakin dezakegu: BASKOIAK (euskaraz hitz egiten zuten) egungo Nafarroan, Huescan (Gállego ibaira arte) eta Araba ekialdean zeuden kokatuta; KARISTIARRAK Bizkaian eta Araban (Gasteiz hegoalderaino); BARDULIARREK Gipuzkoa eta Arabako zati bat hartzen zuten, BEROIEK Arabako gainerako zatia, eta, azkenik, AUTRIGOIEK mendebaldean zuten bizitokia.

      Ez ditugu erromatarren garaian hilobietan eta antzeko monumentuetan aurkitutako k.a. euskarazko pertsona- edo jainko-izena duten hainbat litografi inskripziorik aipatuko, luze joko liguke eta.

      Honako hau, ordea, gogorarazi nahi dugu: Al-Himyari arabiar historialariak "Kitab-ar-Rawd" izenekoan, eta, Iruñeko biztanleei buruz ari dela, hauxe dio: "gehienek euskaraz hitz egiten dute (al-bashkiya), eta ez zaie ezertxo ere ulertzen". (Al-Himyari: "Kitab ar Rawd al-mi'tar", apud A. J. Martin Duque: "Aragon y Navarra según el Kitab ar Rawd al mi'tar" ,"Arg", 1956, 7, 252; Era berean, apud Fernando Gonzalez Olle, " Vascuence y Romance en la historia lingüística de Navarra", "Boletín de la R. A. de la L. Española"n, t.L. CLXXXIX Kuad., 1970eko urtarrila-apirila, 31-76. Era berean, (Col. C.C.G. del P.S., 5. zenb.) Ediciones y Libros, SA, Iruñea, 1972.

      Becerro de Leire deritzonean, esaterako, bat datozen hainbat eta hainbat esaldi agertzen dira; 1045-1051 urtea: "quendam montem qui dicebatur rustico vocabulo, Ataburu"; eta, segidan: "Sancius rex qui cognominatus estab antiquis vulgalibus, Auarcha" (abarka). Esako lurrak eman behar direnekoan, 1060. urtean, honako hau irakur daiteke: "...unam terram que est in loco quod dicitur in basconea lingua Musiturria... et alia in Ciarducia... et tertia in Sereiena... et quarta in Aranea". Era berean, honako hau irakur daiteke 1085. urtean: "vineam que est in loco quem bascones vocant, Igurai Mendico". ( "Becerro de Leire", Nafarroako Artxibo Orokorra, Iruñea)

      Ez da, inolaz ere, kasualitatea Erdi Aroko testuek euskarari "Lingua Navarrorum" (Nafarren hizkuntza) deitzea; horrela, Aralargo San Miguelen honelaxe dio oso aipatua den testu batek: "...quod Orti Lehoarric faciet ut lingua navarrorum dicitur unamaizter et Aceari Umea faciet buruçagui" (1167. urtea). (M. Arigita: "Historia de (...) San Miguel de Excelsis", Iruñea, 1904)

      Kalixto II.a Aita santuaren Kodizearen V. liburuan (Liber Sancti Iacobi Codex Calixtinus, W. Muir Whitehil-en argitalpena, Santiago, 1944), Santiagorako bidea egin behar duten erromesentzat gerora oso aipatua izango den liburua -Aimery Picaud frantses erromesak idatzia- azaltzen da; bertan, Picaud-ek -Nafarroa zeharkatu zuenean, 1173. urtean, seguraski-, baskoien ohitura basatiak deskribatu eta, horrekin batera, daukagun euskarazko hiztegirik zaharrenaren berri ematen digu; hona hemen gaztelaniaz emanda, entzun zituen euskal hitz batzuk: "...llaman a Dios, urcia, a la madre de Dios andrea Maria, al pan orgui, al vino ardum, a la carne aragui, al pescado araign, a la iglesia elicera (zaraitzuar hitza) al dueño de la casa iaona; al trigo gari, al rey ereguia"

      XVI. mendearen bukaeran (1587. urtea), eta, Euskal Herriko apezpikutegi bakoitzeko hiri, hiribildu eta tokiez Gasteizko Seminarioan dagoen Erregistro baten arabera, Nafarroari dagokionez, 58 herritan gaztelania hitz egiten da eta euskara, berriz, 451 herritan. XVII. mendearen hasieran, euskara ohiko hizkuntza gisa ageri da dokumentatuta Zangotzako eskualdean (Uxue eta Irunberrin, adibidez) eta baita Tafalla iparraldean eta Lizarrako Lurretan.

      Azaldutakoarekin (hau da, euskara "Lingua Navarrorum" dela agerian jarriz eta Euskal Herriak "euskaraz hitz egiten duen herria" adierazi nahi duela kontuan izanik), Nafarroa Euskal Herriko herrialdeetako bat dela, lurralde historikoetako bat dela esatea, egia zientifikoa adieraztea besterik ez da. Eta egia zientifikorako ez da botaziorik egiten: egia zientifikoa, egia zientifikoa da. Gehienek Miguel Servet erretzea erabaki dezakete, baina odola zainetatik dabil oraindik; Elizaren gehiengoak Galileo "eppur se muove" kondena dezake (baina, hala ere, Lurra mugitu egiten da).


      Gai honetarako gomendagarria den oinarrizko bibliografia ( testuan aipatutakoaz gain):

      Zenbait Egile: Geografía histórica de la lengua vasca (siglos XVI al XIX), Auñamendi Argitaletxea, Donostia, 1964

      Luis Michelena: Sobre el pasado de la lengua vasca, Auñamendi Argitaletxea, Donostia, 1964

      Jose Maria Sanchez Carrión: El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra (1970); Institución Príncipe de Viana, Nafarroako Foru Aldundia, 1972

      A. Apat-Echebarne (Angel Irigarairen goitizena): Una geografía diacrónica del euskara en Navarra, Colección Diário de Navarra, 10. zenb, Ediciones y Libros, 1974

      Jose J. Bautista Merino Urrutia: La lengua vasca en la Rioja y Burgos, Servicio de Cultura de la Excma Diputación Provincial de Logroño, 1978

      Jose Maria Sanchez Carrión: Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las lenguas (doktore-tesia), egilearen argitalpena, Donostia, 1987.

      LORBIDEk itzulia euskarara

      Euskal Herria, Europako nazio-herri zaharrena nagusien orrira